Laguntasunak idatzitako istorioa

Euskaldunen arteko urte askotako laguntasunak, mahai baten inguruan biltzera bultzatzen du, ongi jan eta edateko. Gure kasuan, ostiraletako afaria tradizio bihurtzen joan zen, zonaldeko jatetxe ezberdinetan edo Zarauzko elkarte gastronomikoan elkartuz.

Karlos Arguiñanok plantazio txiki bat zuen baserrian, urtero mahats gutxi batzuk ematen zituen eta Zarautzetik gertu zegoen txakolin uptegi txiki batean ardoa egiten zen. Ardo hura ez zen merkaturatzen, lagunekin eta familiarekin batera edaten zen.

Urte batez, uzta aski oparoa izan zen eta ardo haren emaitzak hainbesteko zirrara eragin zigun non, txantxaz txantxa eta kopaz kopa, ardoaren mundu konplexua ezagutzen hasi ginen. Bereziki gure herrian, duela ehundaka urte Hondarrabi Zuri mahatsarekin ekoizten den ardoaren mundua. Eta barre algara eta txantxen artean sortu zen galdera: zergatik ez dugu gure ardo propioa egiten?

Lan handia egin ostean, 2005ean jaio ziren mahastiak, 2010ean Bodega eta K5 ardoaren lehen urtaldia eta 2015ean jaio zen K Pilota.

Talde bat, familia bat

K5en elkartzen gaituen laguntasunari esker, denon artean lortu dugu amets hau egi bihurtzea.

K5 Bodegako talde osoak egunero lanean dihardu munduko leku guztietara txakolin paregabea eraman ahal izateko.

Batzuek lurra eta mahatsondoak lantzen dituzte, besteak bodega barruan dabiltza eta guztion ilusioarekin gure ardoak sortu eta zaintzea lortzen dugu. Zuentzako eta zuengatik burutzen ditugu zaintza lanak eta egiten dugu lan egunero.

Lauren Rosillo

Lauren Rosillo enologoa, gure ardoen sortzailea, nazio-mailan erreferentzia handienetakoa da ardoaren munduan.

Bodega

Alonso & Balaguer arkitektuek diseinatutako eraikinak lerro arinak ditu, elegantea eta funtzionala da, paisaiarekin primeran dago integraturik eta ingurumena errespetatzen du. Gainera energiari dagokoinez eraginkorra da eta paisaian duen eragina minimoa da.

Bodega modu zentzudun eta praktiko batean lan egiteko pentsatua dago, lursailak duen maldaz baliatu eta grabitateari esker ardoa egin ahal izateko. Horretaz gain, tenperatura eta hezetasuna konstante mantentzen dira modu naturalean.